"Gezurrek zakatzak dituzte, arrainek bezala. Ur barruan ederki bizi dira, alderik alde nabigatzen, igerian, azpijokoz beteriko burbuiletan sartuta. Baina ur-azalera atera ezkero, aireak, errealitateak, arnasa lapurtu eta hegatsak mozten dizkie, bizitza galtzera eramanez berehala, erresistentziazko buztankada batzuk eman ostean beti ere.
Lamiek ez dute zakatzik. Eta hala, mitologia liburu askok pertsonaia horiek ur azpian urteak eta urteak ezin gusturago bizi daitezkeela esan dezaketen arren, edozein pertsona zuhurrek esango luke horrelakorik ezinezkoa dela; airea behar dutela euren biriketan, eta ez ura. Egiatan bizi, eta ez gezurretan".
1680. urtea udazkenaren ateetan da. Garaine Ugarte Portuzarren bizi da, baina ez du bertan denbora asko igaro bizitzan zehar: afera zein baino zein zalantzagarriagotan ibili izan da itsasoan. Azkenaldian, ordea, bere bizimodu zalapartatsuari atsedena eman nahi dio; baina gertakari batek iritziz aldaraziko du bat-batean. Eta egitasmo berri bati ekingo dio: emakumez betetako eskifaia bildu eta Irlandarainoko bidaia egitea, euskal ume batzuk erreskatatzeko.